Loris Malaguzzi
Italiako Correggio herrian jaio zen, 1020. urtean. Hezkuntzan lizentziatu eta
gero, Reggio Emilian bizi izan zen, eta han ikertu, esperimentatu eta burutu
zituen haurrekin (0-6 urtekoekin), gurasoekin eta hezitzaileekin
erlazionatutako bere esperientziak 55 urtean. Horren guztiaren ondotik eratu
zuen bere lan pedagogikoa, haurraren gaitasunei eta bere harreman sozialei
buruzkoa. Gaur egun unibertsala den lan pedagogikoa da.
Malaguzzik
berak ere bidaia asko egin zituen Europan eta AEBn hitzaldiak eta mintegiak
eginez. 1972an Lego saria jaso zuen, munduko edozein lekutan haurren bizi
kalitatea hobetzeko lana egiten duten pertsonaia eta instituzioak saritzen
dutena hain zuzen eta 1993an Chicagon Pedagogiako pertsonai bikainak saritzen
dituen Kohl saria eman zioten.
1994ko
urtarrilaren 30an hil zen, baina ordura arte lanean jarraitu zuen hainbat
proiektutan, betiere helburu bakar batekin: Edonongo haur, gizon eta emakume
guztien gaitasunak garatzeko borrokatzea.
Oinarri teorikoak eta planteamendu pedagogikoa
Hiriarekin oso lotua dagoen proiektua
Malaguzziren ikuspegi pedagogikoa ez dago soilik
haurrarengan zentratua, nahiz eta haurra izan antolamendu filosofiko honen
protagonista. Hezkuntza beretzat sistema bat zela esan dezakegu, non haurrak,
helduak, inguruneak, familiak eta eskolak elkarreragin askotarikoa osatzen
duten. Ondorioz, bere helburu pedagogietako bat hiriarekiko gertutasuna
eguneroko lanean islatzea izan zen. Horregatik zioen eskola hirira ekarri behar
zela. “ Guk, haurrek eta taldeek, eskolako gauzak kamioi batean kargatzen
genituen eta eskola eta erakusketak aire librean egiten genituen… Jendeak
ikusi, haritu eta galdetu egiten zuen. Eskolak bere barruan itxita ez
gelditzeko obligazio eta erantzukizuna du. Ireki eta hedatu egin behar du
esperientziak erakutsiz, hiriak ezagutu dezan zer egiten den bertan.”
Abiapuntua haurra da
Haurrekin lan egiteak, hasiera batean, bi ideia ditu
berekin: Alde batetik, etengabe proiektatzen aritzea eta etorkizunean
konfiantza izatea. Haurtzaroa eraikitzeko garai bat da eta bertan gizakiak bere
existentziaren eta aldaketa politiko eta sozialen benetako protagonista dela
sentitu behar du, ez baita berorien ikusle hutsa.
Bestetik, entzutearen eta errespetuaren arteko erlazioa.
Ezin daiteke entzun errespetatu gabe, eta ezin daiteke inor errespetatu entzun
gabe.
Epaitu gabe entzutea eta behatzea da haurraren gaitasunak
ezagutzeko eta haurtzaroaz horren irudi erretorikoa ez osatzeko modurik
egokiena. Eta ondorioz, ardura etikoa kontuan hartuta, entzuteak entzute horren
ondorioz hezkuntza praktika aldatzeko prest egotea esanahi du. Horregatik,
Lorisentzat errespetua, haurtzaro garaiari errespetua izatea zela esan
dezakegu: Estimulazio goiztiarreko metodoak gorrotatzen zituen, ikaskuntzaren
erritmo naturala bortxatuz, bezatzearen bidez lortutako ikaskuntzak
nabarmentzea dutelako helburu. Malaguzzik, elkarrizketen eta kulturan
oinarritutako jakintzari esker, heltze eta garatze garaiei itxaroteko eta
horiek errespetatzeko ideia bultzatzen saiatu zen.
Hezitzailearen papera
Haurrak euren ezagutza eraikiz doaz, ikasiz, eta hori ez
du helduak gidatu behar, euren artean ikas dezakete. Haurrek badakite euren
artean erlaziona dezaketela. Beraz, helduek hori posible egiteko espazioak
sortu behar dituzte. Gauzak horrela hezitzailea haurraren laguntzaile bihurtzea
da. Malaguzziren ustez, hezitzaileak egin behar duena zera da: zentroan edo
eskolan kokatu, ezagutzaren eta testuinguruaren zati bat baino ez baita.
Haurrak bere lagunekiko, espazioarekiko, materialekiko…harremanetan edo
erlazioan hazten dira, eta baita helduarekiko harremanetan. Horregatik,
hezitzaileak arreta handiz zaindu behar du haurrarekiko erlazioa, euren harreman
propioak oztopa ez ditzan. Garrantzitsua da haurraren ikuspegia ezagutzea,
enpatiaz ikustea, parte hartuz, eta noski, haurra ikusgai egotea. Beste modu
batera esanda, funtsezkoa da haurrak ikustean, garatzen dituzten estrategiak
behatzean, nola hitz egiten duten ikustean, zein hizkuntza erabiltzen duten
ohartzea… hunkitzea. Gakoa zera da: helduak etengabeko jakin-mina mantendu
behar dutela haurraren aurrean.
Familien parte-hartzea
Funtsezkoa elementua da Reggio Emiliako haur eskoletan
familien parte-hartzea. Etengabeko sare arina dago, guraso irakasle eta haurren
artean eta horretarako bitarteko bat baino gehiagoz baliatzen dira:
dokumentazioa, egunero zentrora egiten dituzten bisitak, bilerak, gauzak
muntatzeko luzatzen duten laguntza…
Reggio Emilian argi dute ezin direla gurasoak eskoletako
atetik at utzi, jakinik batzuetan molesta dezaketela. Apustua zera da: aitak
eta amak eskolaren tresna bihurtzea hiriaren barnean. Hori da Reggio Emilian
egunero aurrera eramaten duten apustua; herritartasun zentzu bat mantentzea
helduekin euren seme alaben esperientziaren bitartez. Horregatik oso
garrantzitsua da lotura mantentzea zeren komunitateko proiektu bat da eta
komunitateak du horren erantzukizuna, protagonista askorekin, indibidualtasun
askorekin, helburuari zuzenean
begiratzeko gaitasunarekin. Proiektua edo esperientzia ezin da
emaitzekin edo nozioen ezagutzarekin neurtu, baizik eta herritartasunaren
eraikuntzarekin. Horregatik da
funtsezkoa denen arteko harremana mantentzea eta denak partaide sentitzea.
Dokumentazioa
Dokumentazioa oinarrizko elementua da ikasketa prozesua
ezagutzeko. Dokumentazioa haurrek egiten dituzten galderak, egiten ari diren
lanak eta kezkagarria den guztia ulertzen lagun dezaketen elementu guztiak
dira: oharrak, irudiak, argazkiak, bideoak…Ez da helduak haurrari buruz egiten
duen argazkia, helduak haurrarekin batera eraikitzen duen argazkia baizik,
haurraren ikuspegia aintzat hartuz. Nolabait esateko, eztabaida baten abiapuntu
bihurtzen da dokumentazioa eta konbergentzia batera iristen da haurrak ere bere
ikuspegia azaltzeko aukera duelako eta heldua berari buruz egiten ari den
irudia ulertzeko. Beti haurraren eta helduen artean partekatutako ekintza da.
Dokumentazioak informazioa ematen du eta
haurrak ardatz berean birkokatzeko balio du. Hau da, haurraren ikasketa
prozesuari buruzko eztabaidarako oinarri izan daiteke.
Tailerra eta tailerista
Reggio Emiliako haur eskola bakoitzak tailer bat du bere
taileristarekin. Malaguzzik sortu zuen
figura da taileristarena. Pertsona bakoitzak bere ikuspuntua duela haurrak
ikusteko pentsatzen zuen eta hezitzaileak, euren formazioaren eta
deformazioaren ondorioz, haurra era
zehatz batera ikusten zutela. Hau saihestu ahal izateko, aldamenean beste norbait
behar zela ohartu zen, ikusten dugunaren beste ikuspuntu bat emango digun
norbait. Beraz, arte formazioaren bidez estereotipoak hautsiko dituen pertsona
da tailerista. Artea ez da haurrek Artea ikasteko erabiltzen, baizik eta
errekurtso edo estrategia bezala erabiltzen da gauzak beste era batera
ikusteko.
Hezitzaileak eta taileristak elkarlanean jarduten dute
behatzearekin batera dokumentazioa bilduz, aztertuz eta hausnartuz. Horrela
ezinbestean bakoitza aberastu egiten da besteak planteatzen dizkion
ikuspuntuekin.
Proiektuekin egiten dute lana
Haurrekin gaiak lantzeko orduan proiektuetan oinarritzen
dira, eta ez programazioan. Proiektuak haurrak ezagutzeko egiten dira eta
orduan beren kultura, ideia eta irudizkoetatik abiatu behar dute. Ondoren,
behaketa, ikerketa eta dokumentazioaren bidez lantzen da proposatutakoa, horren
gainean hausnartzeko, eztabaidatzeko eta hobetzeko. Programazioaren eta
proiektuen arteko desberdintasuna zera da: programazioa aurrez zehazten da
haurrak lortu behar dituen helburuen eta horiek gauzatzeko egin behar dituen
ekintzen bitartez; proiektua, aldiz, zehaztu gabea da. Ondorioz, proiektuak eta
haurraren eraikuntza eta ikasketa prozesuak nola garatuko diren aurrez jakitea
ezinezkoa da. Adibide batekin argiago ikusiko da desberdintasuna:
Reggio Emiliako eskola batean mahai bat egin behar zen
eta haurrei ea diseinatzeko gai ziren galdetu zitzaien, gero guztiak bat
eraikitzeko. Baiezkoaren ondoren diseinatzeari ekin zioten. Horretarako erabili
zituzten bideak, bilatu zituzten estrategiak, neurriak emateko moduak… aurrez
jakitea ezinezkoa zen. Batek oinetakoekin neurtu behar zela esaten zuen, baina
orduan ohartu ziren oinetako guztiak ez zirela berdinak. Horrela, neurtzeko
oztopoekin topo egin zuten, beraiek bakarrik, hezitzaileek bideratu gabe.
Programazioan oinarritu izan balira “metroa zer den ikasi
beharko lukete” eta beraz ariketa eta ekintza desberdinak planteatuko zituzten
hori ikasteko. Modu horretara, haurrek oinekin neurtzeko duten kultura guztia
galdu egingo zuten.
Haurraren munduko gertaerak sare formakoak izan behar
dutela dio bere lanetan, hau da, ez dutela zentzu bakar batean erlazionatu
behar. Pentsamendu saretua bere hezkuntza jardueraren oinarria da. Sentitzea,
pentsatzea eta ekitea gertaera saretuak dira; ez dira bereiztuak gertatzen, ez
dugu lehenago sentitu egiten, gero pentsatu eta gero ekin. Aldi beren sentitu,
pentsatu eta ekiten dugu.
Bideo honetan Loris Malaguzzik idatzitako poemaren bideoa, Umearen ehun lengoiak
Honako zerrenda honetan informazio gehigarria dago.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina